Gehitu iruzkin berria

“Atsegina da oso, jendeak zuk landatu duzuna jaten duela ikustea”

Ekainaren erdialdera hasi zen Karabelekora joaten Mitxel Sánchez. Agifesetik gonbidapena jaso eta apuntatu egin zen; izan ere, lan ohitura hartu nahi zuen Gureaken lanpostua lortu ahal izateko.

Karabelekon denbora gutxi daraman arren, “oso gustura” dagoela dio. Lan egiteko “balio duela” sentitzen du eta etxaldean daukaten giroa “primerakoa” dela baieztatzen du.

Barazkigintzan esperientzia zuen aurretik Mitxelek, iaz negutegiko hazkuntzari buruzko ikastaro bat egin baitzuen. Karabeleko “askoz hobea” iruditzen zaio, “dena ekologikoa baita eta produktuak osasungarriagoak eta naturalak direlako”.

Karabelekon dituen zereginen artean ez dauka lehentasun berezirik eta egin beharrekoa oso gustura egiten duela dio. Hala ere, belar txarrak kentzea da gutxien gozatzen duen lana.

Etxaldean egiten duen lana “oso atsegina” da beretzat. Landatutakoa nola hazten den ikusi eta barazki hori beste pertsona bat elikatzeko produktu bilakatzen dela pentsatzea asko gustatzen zaio. “Zerbaitetarako balio dudala sentiarazten dit eta gainera polita da”, azpimarratzen du.