
Karabeleko ekonekazaritza etxaldea jaio da Hernanin, hiru helbururekin: nekazaritza ekologikoa zabaltzea, baratze-produktu barietateekin esperimentatzea eta buru gaixotasuna duten pertsonen eta beste kolektibo batzuen errehabilitazio psikosoziala lantzea. Blasenea mintegiak, Kimu Bat enpresak eta Agifes elkarteak sortu dute zentro esperimental hau, ekonekazaritzaren arloan aurrendaria dena, euren ezagutzak eta baliabideak batuz.
Karabelekok 10.000 metro koadro baratze ditu, 2.000 negutegian eta 8.000 aire librean, eta jada barazki, sukaldaritza-landare eta landare exotiko ugari ekoizten ari dira. Instalazioak publikoari irekita daude; izan ere, etxaldea kantauriar eremuko baratzezain amateurren zein profesionalen topagune izan dadin nahi dute arduradunek, baratzeko espezie eta barietate ugariren garapena bertan behatu eta komentatu ahal izateko.
Irabazi-asmorik gabeko elkarte honek baratzeko produktuak, sukaldaritza-landareak, landare apaingarriak eta aromatikoak, haziak, fruta-arbolak, ongarriak, intsumoak eta erremintak salgai jarriko ditu. Partikularrei nahiz kolektiboei zuzenduta dago salmenta.
ZENTRO TERAPEUTIKOA
Proiektuaren bereizgarritasun nagusietakoa da buru gaixotasuna duten pertsonei eta beste kolektibo batzuei zuzenduriko errehabilitazio zentro gisa funtzionatzen duela. Egun, Agifeseko hamabost erabiltzaile daude bertan lanean, etxaldearen kudeaketa lanetan parte hartuz, euren gizarteratzea eta laneratzea bultzatzeko xedez. Epe ertainera, proiektuan pertsona gehiago barneratzea espero dute, bai buru gaixotasuna dutenak eta bai beste kolektibo batzuetakoak.
Nekazaritza ekologikoaren ekoizpena eta kontsumoa hedatzeko eta baztertze arriskuan dauden kolektiboei buruz sentsibilizatzeko helburuarekin, ekonekazaritzako ikastaroak eskainiko ditu laster elkarteak, baita instalazioak eta proiektua ezagutzeko bisita gidatuak ere.
Gehitu iruzkin berria