“EHUNKA BARAZKI MOTAREN PORTAERA ETA PROPIETATE ORGANOLEPTIKOAK AZTERTZEN DITUGU”

Kantauriar isurialdean berritzailea den etxalde honen esperimentazio lanaz mintzatu zaigu Iban Sabalza, Karabelekoko presidente eta Blasenea hazitegiko arduraduna. 

ZERGATIK ERABAKI ZENUTEN NEKAZARITZA EKOLOGIKOKO ETXALDE ESPERIMENTALA SORTZEA? 

Gaur egun, nekazaritza ekologikoa hedatzen ari da, komunikabideek isladatzen duten moduan. Hala ere, arlo honetako ikerketa-lan eskas dago. Gure penintsulan zer edo zer aztertzen ariko dira, seguru aski, baina oso gutxi; eta daukagun jakintza gehiena iparraldeko herrietan egindako ikerlanetatik datorkigu. Esperimentazio lana in situ garatzeko beharra ikusten genuen, geure ondorioak atera eta nekazaritza ekologikoak gure zona klimatikoan ematen dituen aukerak ezagutzeko. Horregatik sortu genuen irabazi-asmorik gabeko proiektu aurrendari hau, hiru entitaren arteko elkarlanarekin: Kimu Bat, lorezaintza, baratzezaintza eta paisajismo arloetan diharduen enpresa; Agifes, gure etxaldean gauzatzen den kolektibo zaurgarrien errehabilitazio psikosozialaz arduratzen den elkartea; eta Blasenea, esperimentazio lanerako haziak eta landareak ematen dituen hazitegia. 

ZERTAZ ARI GARA ETXALDE ESPERIMENTALA DIOGUNEAN?

Barazki sorta zabal baten portaera behatzeko espazioa izan nahi dugu, espezieak gure baldintza klimatologikoetara nola egokitzen diren eta beren propietate organoleptikoak nolakoak diren ezagutzeko. Barietate berriek kontsumitzaileen artean zer nolako harrera duten ere jakin nahi dugu; hau da, eguneroko menuan edo ospakizun berezietako menuetan lekua topatzen duten ikusi.

GURE GASTRONOMIA, BEREZIKI, PRODUKTU TRADIZIONALETAN OINARRITZEN DA. BERAZ, EZ DIRUDI LAN ERRAZA BARAZKI BERRIAK GURE SUKALDEETAN SARTZEA.

Egia da hemen kultur gastronomiko oso sustraitua dugula; eta horrek alde on eta txarrak ditu. Produktu protagonista batzuk dauzkagu eta zaila da hortik ateratzea. Aitzitik, mundu mailan izugarrizko barietate gama dugu. Hori dela eta, gure ikerketa-helburu nagusietako bat eskura ditugun barietate eta espezie anitz horiek probatzea izango da, baita horiek ezagutzera ematea ere. Produktu horietako asko ezezagunak dira ez daudelako merkataritza-gune handietan salgai, eta ortuzainek ere ez dituztelako ezagutzen. Gama zabal hori hemen bertan aztertuko dugu.

ZEIN PROTAGONISMO EDUKIKO DUTE TOKIKO BARIETATEEK? 

Bertako barietateak oinarrizkoak izango dira. Hala ere, garrantzitsua da azpimarratzea tokiko gisa hartzen ditugun horiek ez dutela zertan hemengoak izan. Adibidez, duela mende bat, baserritar bakar batek ere zuen tomaterik jaten. Asko jota, apaingarri moduan zuten landarea. Gainera, toxikoa zela pentsatzen zuenik ere bazegoen, kolore gorriarengatik. Izan ere, kontuan izan behar dugu Amerikaren kolonizaziora arte ez zegoela familia horretako bertan. Beraz, hemengo barietateez ari garenean, duela 30 edo 40 urtetik hona lantzen ditugunez ari gara; ez askoz gehiago.

KANPOTIK EKARRITAKO BARIETATEEN ARTEAN, ZEINTZUK AZPIMARRATUKO ZENITUZKE?

Asiatik ekarritakoak oso interesgarriak dira; mizuna, mibuna edo pack choi, kasu. Hostozko barazki horiek ez ditu kontsumitzaileen gehiengoak ezagutzen, baina oso osasungarriak dira eta ezaugarri organoleptiko onak dituzte. Hortaz, zapore oso atseginak eskaintzen dizkigute. Halaber, baratzean azkar hazten dira eta primeran egokitzen dira gure klimara. Beraz, asko gomendatzen dizkiegu euskal ekoizleei. 

BARIETATE ZAHARRAK BERRESKURATZEKO HELBURUA ERE BADU KARABELEKOK.

Hala da. Handizkako merkataritzak baztertu dituen haziak berriro landatu nahi ditugu. Agian ekoizleari, handizkariari edo saltzaileari ez zaizkio produktu horiek interesatuko, baina kontsumitzaileari baietz uste dugu. Esate baterako, fruta-ekoizle eta banatzaileek kontuan dute, jeneroak merkatuan harrera ona edukitzeaz gain, hozkailuan eta garraoian ondo irautea, eta salmenta-epe nahiko zabala izatea. Ezaugarri horiek kalitate organoleptikoaren, zaporearen eta publikoaren gustuen gainetik jartzen dituzte. Guk, noski, barietate emankorrak baloratuko ditugu, portaera egokia dutenak, baina garrantzia berezia emango diegu zapore eta testura berriei.

ESPEZIE JAKIN BATZUEN LANDAKETA-EGUTEGIA ZABALTZEKO ASMOA ERE BADU KARABELEKOK.

Konturatu gara gertu ditugun eta gure antzeko klimak dituzten lurraldeetan barazkiak garai oso desberdinetan landatzen dituztela. Besteak beste Frantzia iparraldean eta Belgikan kruziferoak lantzeko egutegi ezberdina darabilte. Guk uztailan, abuztuan eta irailan landatu eta, beraz, neguan kontsumitzen ditugu batik bat. Nork jaten du hemen udan azalorea, brokolia edo aza? Hemen inok ere ez, baina beste herrialde batzuetan ohikoa da. Karabelekoren xedea da espezie jakin batzuen landaketa-epea hedatzea, ikerketa zientifikoak eta gure klimaren antzekoa duten lekuen eredua oinarritzat hartuz. 

ZEIN DA BLASENEAREN PAPERA ETXALDE HONETAN?

Mundu zabalean ditugun haziak bildu eta ikertzeaz arduratzen gara. Ameriketako Estatu Batuetatik, Asiatik, Europatik eta abar ekarri, gure hazitegian landatu, eta landareak nahiko hazita daudenean, Karabelekora eramaten ditugu, bertan jarraipena eta esperimentazio lana burutzeko.

Ez dugu ahaztu behar Karabelekon gauzatzen dugun lana nekazariei aholkularitza eskaintzera bideratua dagoela, hein handi batean. Ekoizle amateur nahiz profesionalekin harreman estua eta egunerokoa dugu. Adibidez, otsailean azalorea landatu nahi duen ekoizle bati aholkatu ahal izatea, eta barietate egokiena aukeratzen laguntzea, oso garrantzitsua da guretzat. Hori da Blaseneak proiektu honetan duen zeregin nagusia.  

Gehitu iruzkin berria