
Karabeleko ekonekazaritza etxaldean gauzatzen dugun errehabilitazio psikosoziala zertan datzan azaldu digu Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkarteko (Agifes) gerente Ruth Encinasek.
Karabelekok zer ekarpen egiten dio Agifesi?
Etxaldean egiten diren jarduerek babes gutxien duten kolektiboak gizarteratzeko aukera bermatzen laguntzen digute. Hori dela eta, ekintza horien bidez, lanean ari gara pertsona horien errehabilitazio psikosoziala lortzeko, talde-jarduerekin buruko gaixotasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko, edota abilidade sozialen garapena eta autoestimua indartzeko.
Zein jarduera mota burutzen dituzte etxaldean?
Erabiltzaileek, hein handi batean Agifes elkarteko kideak, euren gaitasunen araberako lana gauzatzen dute; hala, gero eta modu autonomoagoan lan egiten ikasten dute. Partaideek baratzeko produktuak erein eta laborantza eta uzta egiteaz gain, beste jarduera edota ohitura batzuk ere lantzen dituzte: esaterako, produktu hauen errezeta-liburuak, txangoak, ateraldiak, bizimodu osasuntsua eramateko urratsak edota lan-aurreko ohiturak.
Errehabilitazio psikosozialerako programan daudenak Karabelekoren helburuekin ere konpromisoa dute.
Erabiltzaileen ezaugarri nagusienetakoa da Karabelekon egiten diren jarduerekin duten konpromisoa, nahiz eta parte hartzea boluntarioa izan. Eginbehar guztiak aurrera eraman ahal izateko, monitoreen, psikologoen eta nekazarien koordinazioa eta laguntza behar dugu. Erabiltzaileei gehien gustatzen zaiena kontsumo-taldearentzat saskiak prestatzea eta lantzea da, horri esker egiaztatzen baitute, benetan, egiten dutena erabilgarria eta egingarria dela.
Zenbatek hartzen dute parte programa honetan?
Proiektua martxan jarri genuenetik, 2014ko apirilean, Karabelekora etortzen diren erabiltzaile kopuruak gora egin du. Egun, 30 partaide ditugu, eta egunero 11 lagun inguru etortzen dira etxaldera. Programa honek ez du parte-hartzaile kopuru mugatua, baina beharrezkoa da egunero har ditzakegun partaide kantitatea zehaztea, batez ere, jardueren erabateko garapena bermatzeko eta banan-banako arreta posible izateko.
Buruko gaixotasuna duten pertsonez gain, zein beste kolektibok hartzen du parte proiektu honetan?
Une honetan, Karabelekok antolatzen dituen jardueretan beste kolektibo batek ere parte hartzen du, astean behin edo bitan. Martuteneko preso talde bat da, eta Iresgi elkartearen bitartez etortzen da. Halaber, aurrerago, beste kolektibo batzuekin ere lankidetzan aritzeko borondatea dugu.
Gehitu iruzkin berria