"Ingurumenari eta gizarteari ekarpena egin nahi diogu; gertuko kontsumitzaile eta eragileekin harreman sarea sortu"

Ingurumena errespetatu; pertsonen baldintzak eta berdintasuna bermatu; tokiko merkataritza-harremanak, kontsumoa eta ekonomia sustatu... Horrelako balioak bultzatzen ditu Karabelekok. Agrokologiaren eredua, hain zuzen. Iker Goikoetxeak, Kimu Bateko teknikari eta Karabelekoren kudeatzaileak, ekonekazaritza etxalde honen filosofia azaldu du elkarrizketa honetan.
Karabelekoren asmoen artean, agroekologia sustatzeak pisu handia du. Zer dela eta eredu hori bultzatzeko nahia?
Karabelekoren ardatzetako bat da, bai. Hori da etxalde agroekologikoaren izendapena izatearen arrazoia, nekazaritza ekologikoak ohiko eredutik at geratzen diren hainbat irizpide bultzatzen dituela uste dugu eta. Azken batean, ingurumenarekin errespetuz jokatu behar dugu, ustiaketari neurria hartu. Izan ere, produzitzeko garaian ere, gizataldearen edo produkzioaren atzetik dauden pertsonen balioak, baldintzak eta berdintasuna bultzatu behar ditugu. Horrez gain, agroekologia oinarri duen ekoizpenak bere inguruneari ekarpenak egin diezazkioke: gizarteari, inguratzen dion udalerriari, eta abar. Lurra eta paisaia zaindu ez ezik, bertako enpleguari eta ekonomiari ere mesede egiten diogu.
Karabelekok bere burua eusteko gai den proiektua izan nahi du. Zein da ekonomikoki bideragarri izateko sortu duzuen eredua?
Karabelekoren sustatzaileok argi genuen proiektuak bere burua eusteko gai izan behar zuela, eta komertzializaziorako gertutasun irizpideak oinarri hartu nahi genituela. Ondorioz, kontsumo talde bat sortu dugu, eta produktuen jatorria %100 ekologikoa duen denda bat.
Kontsumo taldean 70 saski banatzen ditugu, gehienbat Agifeseko bazkideen artean, eta hainbat banaketa puntu ditugu: Donostiako zenbait zonatan jaso daitezke otarrak, edo etxaldean bertan. Kontsumo taldeari dagokionez, partaideei astero gure etxalde esperimentalean lortzen diren ohiko eta ez ohiko barazkiak banatzeaz aparte, gure asmoa kontsumitzaileekin dinamika ezberdinak planteatzea da, hartu-emana sendotzeko eta herritarrari edota hiritarrari baratzea etxera gerturatzeko.
Gaur egun, gure kontsumo taldea, gehienbat, Agifeseko bazkideek osatzen duten arren, gure helburua publiko zabalago batera iristea da.
Zein dira gertutasunezko komertzializazioaren abantailak?
Agroekologia bultzatzeko, salmenta zuzenera bideratu behar gara, gertutasunezko komertzializaziora, alegia. Horrela, aukera dugu bezeroekin harreman zuzena izateko, bertako langileen iritzia ezagutzeko edota gizarteratzeko arazoak dituzten pertsonekin lan egiteko. Karabelekok, gainera, bere ingurune hurbilean modu positibo batean eragin nahi du, gure nekazaritza ulertzeko modua hedatuz eta inguruko elkarte eta gizataldeekin elkarlana sustatuz, bai azokak direla bai zuzeneko harremana dela eta abar.
Bestalde, kontsumitzailearekin harreman zuzena izateak produktuak bertatik bertara ezagutzeko aukera eskaintzen du. Gainera, baratzezaintza ekologikoa bultzatu nahi duten eta gure landare barietateak ezagutzera bertaratzen diren nekazariekin elkarlanean aritzeko helburua dugu. Hortaz, agroekologiak bizitasun eta gizatasun handiko gauza bihurtzen du lehendik bereizia eta sakabanatua zegoen baratzezaintza.
Gero eta ohikoagoa da jatetxetan produktu ekologikoak eta bertakoak dastatu ahal izatea. Haien eta zuen artean elkarlanik planteatu duzue?
Hasteko, jatetxeetan tokiko produktuekiko eta, bertakoez aparte, ekologikoak direnekiko gero eta sentiberatasun handiagoa dagoela ikusi dugu. Hori landu nahi dugun beste lan ildo bat da. Konkretuki, harremanetan gaude hainbat sukaldarirekin, interes handia baitute gure produktu-sortan. Bigarrenik, ekodenda dugu bertan baratzerako eta lorezaintzarako produktu ekologikoak saltzeko, bai profesionalei bai amateurrei. Salgai ditugun produktuak %100 ekologikoak izatea nahi dugu, eta hala lortzen ari gara, zailtasunak zailtasun. Bertan barazki-landare usaintsuak, fruitu txikikoak eta abar aurki ditzake kontsumitzaileak; baita horiei lotuta doazen lanabes, produktu eta antzeko gauzak ere. Azkenik, komertzializazioaren helburua gertukoa izatea da, aipatutako agroekologia irizpide horietan oinarrituz, harreman zuzena sustatzeko, errentagarritasun hobea lortzeko eta ingurumenaren aldetik inpaktu gutxiago sortzeko.
Zein da Kimu Baten zeregina Karabelekon?
Kimu Baten zeregina baratzezaintza bultzatzea da; izan ere, baratzezaintza landuz, lorezaintza sustatzea lortzen dugu. Biak bat direla ulertzen dugu. Kontuan izan behar dugu beste herrialde batzuetan lorezaintza garatzeko aukera egon dela, baina hemen garapen hori ez da eman, hein handi batean, baratzazaintzak ordezkatu izan duelako eta ez delako kultura hori hedatzeko interes berezirik izan.
Azken hamarkadetan lorezaintza-kultura falta nabaria dago, hau da, loreekiko sentsibilitate gabezia. Zentzu horretan, landareak zaintzeko kulturaren beharra zegoela ikusi genuen. Badakigu jendearengana lorezaintza gerturatzeko modu errazena baratzezaintza dela, gure kulturan oso errotua egon den jarduera bat izan delako. Horren haritik tiraka eta tiraka eginiko bideak Karabalekon parte hartzera eraman gaitu. Egun, baratzezaintza bere zentzu zabalenean eta, bereziki, biodibertsitatea bultzatzen dituen eredua jarraitu behar dugu, gure iritziz; eta harro parte hartzen dugu proiektu honetan.